Hezkuntza familiak eta irakasle-taldeak partekatutako proiektutzat hartuta, irakasleek betetzen duten tutoretza-zeregina saihetsezina eta funtsezkoa dela uste dugu. Hori dela-eta, ahalegin handiak egiten ditugu zeregin horretan, ikaslearen eskola-ibilbidearen hasieratik Batxilergoko 2. kurtsoan promozioa lortzen duen arte.
Ikastetxetik kanpo eskola-erkidegoak jasaten dituen gero eta presio handiagoei aurre egiteko (sare sozial informatikoetatik eta hedabideetatik datoz), azken urteotan areagotu egin dugu tutoretzara zuzendutako ikasgela-denbora, funtsezko giza balioak eta eskubideak nabarmendu eta bultzatzeko helburuarekin. LHko 3. kurtsotik DBHko 4. kurtsora arte, ikasleak astean bi tutoretza-ordu ditu bere ordutegiaren barruan. Tutoretzan, ikaslearen ikastetxe barruko nahiz bertatik kanpoko jardunbidearen funtsa izan behar duten jarrerazko alderdiak jorratzen dira.
Era berean, Gorputz Hezkuntzak astean bi ordu hartzen ditu. Denbora horretan, ikasleak bereganatuko du ohitura osasungarriek duten garrantzia, eta bere buruaren gainditzea eta taldeko espiritua esperimentatu ahal izango ditu.
Ikastetxeko bidaiak eta irteerak abagune hobezina dira ikasleen tutoretza-tratamendurako. Urtero, LHko 2. kurtsotik Batxilergoko 2. kurtsora arte, ostatu-gaua hartzen duen irtenaldi bat dago. Horrek, bizikidetasuna eta banako eta taldeko erantzukizuna bultzatzeaz gainera, sendotu egiten ditu hizkuntzen praktika eta kulturaren eta kulturen ezagutza.
Trukeek ikasleei aukera ematen diete helmugako herrialdea barrutik ezagutzeko (astebetez familia anfitrioiarekin bizitzen dira), eta abagune hobezina dira heldutasun pertsonalerako. Egun, ikastetxeak hiru truke egiten ditu, bi Erresuma Batuarekin eta bat Frantziarekin, 4. DBHn edo eskolaz kanpoko jarduera gisa.