Laguntzen dugu

Scroll

Haurralde Fundazioa

St. Patrick’s English Schoolen eta Haurralde Fundazioaren arteko lankidetza 2011n hasi zen.

Harrezkero, Haurralde Fundazioak ikastetxeari laguntza ematen dio informazio- eta sentsibilizazio-lanetan, eta haren boluntarioak bete-betean elkarlanean aritzen dira ikastetxeak antolatzen dituen ekitaldi solidarioetan.

St. Patrick’s English Schoolen gure ikasleak inplikatzen ditugu eta dirua biltzen dugu Haurralde Fundazioa Mozambiken egiten ari den proiektuetarako. Zehazki, haren helburuetako bat dugu oinarri: kirolaren bitartez haurren bizi-kalitatea hobetzea. Duela urte batzuetatik hona, solidaritaterako eremu bat dago “Tonbola” moduan San Patrizioko igandeko festan. Jarduera horrek izugarrizko arrakasta du ikasle eta familien artean. Tonbola solidario hori ikastetxearen hornitzaileek emandako sariekin antolatzen da.

Haurralde Fundazioko boluntarioak bete-betean aritzen dira elkarlanean jarduera horretan. Gainera, egun horretan bertan, aurpegien pintura-lantegi bat antolatzen du, eta lantegi horretan dohainak biltzen dira. Ekitaldi horren aurreko egunetan, ikasleei azaltzen diegu Matsatse-ko (Mozambike) haurren egoera zein den, zein gabezia dituzten eta nola lagundu diezaiekegun. Urte bakoitzean bildutako diru guztia Matsatse-ko (Mozambike) Haurren Zentrora zuzentzen da, eta, horri esker, orain arte urtero bete ahal izan dugu ezarritako helburua. Matsatseko herriak eltxo-sareak, kirol-oinetakoak, kamisetak eta baloiak jaso ditu eta, gure dohainari esker, zoruak eta etxeetako fatxadak konpondu dira eta saskibaloi-kantxa bat eraiki da, saskiak barne.

Ekarpen xume bat besterik ez dugu egin gure ikasleak sentsibilizatzeko, elkartasun-balioak sustatuz eta hain zoriontsuak ez diren beste haurrei lagunduz.

www.haurraldefundazioa.org

Ikusi bideoa

Gurutze Gorria

Gure ingurune hurbilenean dauden beharrez jabetuta, 2013ko irailean Gurutze Gorriarekin jarri ginen harremanetan gure laguntza eskaintzeko. Gurutze Gorriko Sara Ibarbiak erakundearen ateak zabaldu zizkigun eta haren “Orain, inoiz baino +” proiektua azaldu zigun. Proiektuaren helburua da gure ingurune hurbilenean pobreziaren eta bazterketaren aurka borrokatzea.

Harrezkero, ikasturtean zehar, gure ikastetxean zenbait jarduera solidario antolatzen dira proiektu horretarako dirua biltzeko.

Abenduaren amaiera aldean, DBH 2ko ikasleek "Christmas Cookie Sale" antolatzen dute, beraiek etxean prestatzen dituzten gaileten azoka txiki bat. Jolasgarai batean, salgai jartzen dituzte ikastetxe osoarentzat eta bildutako dirua Gurutze Gorriaren proiektura zuzentzen da. Aste Santuko oporren aurretik, ikasleek gaileten beste azoka txiki bat antolatzen dute, “Easter Cookie Sale", xede berarekin.

Martxoan, LH 3ko ikasleak Gurutze Gorriaren Ategorrietako egoitzara doaz, Gurutze Gorriak gure hirian egiten dituen jarduera ugariak aurrez aurre ezagutzeko.

Ekainean, Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Proiektuak eta Agenda 21ek uniformeen eta ikasliburuen azoka handi bat antolatzen dute. Azokan dirua biltzen da eta, gainera, material horien berrerabilpena ziurtatzen da.

Ikasturtea amaitzean, Gurutze Gorriko ordezkariak gure ikastetxera etortzen dira ikasleei “Orain, inoiz baino +” proiektua zertan den eta laguntzak nola kudeatzen diren azaltzeko. Ikasleek ikasturtean zehar bildutako kopuruaren entrega sinbolikoa egiten dute eta Gurutze Gorriaren eskerrak jasotzen dituzte euren lankidetza eta inplikazioagatik.

Gabonetako oporretan, Gipuzkoako Gurutze Gorriko boluntarioek urte amaierako aurreratutako festa bat antolatzen dute mendekotasuna duten pertsonentzat eta bakarrik bizi ohi diren edo denbora luzez konpainiarik egoten diren zaharrentzat. Costa Vasca hoteleko Miramar diskotekan ospatzen da festa, eta saiatzen gara gure ikasleetako batzuk bertaratu daitezen erakustaldi edo emanaldi bat egiteko.

www.cruzrojagipuzkoa.com

Caritas

Caritaseko Jon Odriozolaren eskutik, erakunde horrek zein ekintzetan lan egiten duen ezagutzen joaten gara. Ikasturtean zehar, ikastetxearen Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Proiektuan laguntzen duten pertsonak Caritasek bere lana egiten duen lokalak ezagutzera joaten dira: Laguntza Etxea (etorkinari laguntzeko zentroa), Hotzaldi (hotzaren gela), Lamorus (lan-heziketarako zentroa), Zurekin Bat (aisiagunea), Bidezko Merkataritza eta Nazioarteko Lankidetza, Ijitoen idazkaritza-bulegoa, etab.

Caritasen ekintza guztien helburua da pertsonak duintzea eta gizarte bidezkoagoa eraikitzea. Gipuzkoan, zehazki, gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonekin, etorkinekin, langabeekin, etxerik ez dutenekin, GIB birusaren eramaileekin, etab. egiten du lan. Pertsonari eta bere beharrei egokitzen zaizkien zerbitzuak ditu.

Ikastetxean, abenduan, solasaldi/lantegi bat antolatzen da gizarte-bazterketaren inguruan, Batxilergoko 1. eta 2. kurtsoetako ikasleentzat. Horren bidez, gure helburua da ikasleak gehiago jabetzea gure inguruneko pertsona askok dituzten gabezia eta zailtasunen inguruan. Era berean, boluntarioek egiten duten lana zeinen garrantzitsua den azaltzen da.

Solasaldiaren ondoren, ikasleei aditzera ematen zaie Caritasek zein produktu behar dituen bere zentroak eta proiektuak hornitzeko, batez ere negu gorrian. Produktuak ikastetxean jaso eta beren helburura eramaten dira: gure hiriko aterpetxeak.

www.caritasgipuzkoa.org

"Markelen Txokoa"

Ikastetxeko irakasle Maríak Markel Lópezen historia kontatu zigun. Markel 13 urteko haur urretxuarra da, eta oso txikitatik borrokatzen ari da bizimodu normala egiteko, “tximeleta-azala” izenekoari aurre egin beharrean badago ere. Horrek etengabeko borroka bihurtzen du bere eguneroko bizitza.

Gaixotasunak (epidermolisi builosoa) larruazalaren hainbat gaixotasun edo nahasmendu bitzen ditu, genetikoki transmititutakoak eta honela adierazten direnak: larruazalean anpoilak, ultzerak eta zauriak agertzea, batez ere eremu mukosoetan, igurtzi edo kolpe txikienak ere eragindakoak. Markel gaztearen larruazalak hauskorra eta zaurgarria izatea du bereizgarri, beira bezain delikatua; izan ere, kontaktu fisiko txikienarekin ere larruazala askatzen baita, eta horrek zauriak eta anpoilak sorrarazten ditu. Gaixotasunaren ondorioz, Markelek besoak eta eskuak ia une oro bendatuta eduki behar ditu, eta behin eta berriz ebakuntzak egin behar dizkiote behatzen mugikortasunari eusteko. Ondorioz, minez dago etengabe.

2013 ezkero, ikastetxearen Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Proiektuak eta Agenda 21ek Markelentzako laguntza bultzatzen dute bere eguneroko bizitza hobetzen joan dadin. Ikastetxean, “Markelen Txokoa” sortu dugu. Bertan, plastikozko tapoiak biltzeko gune bat ezarri dugu.

Gure ikastetxeko langile, familia eta ikasle guztiek bertan uzten dituzte plastikozko tapoiak, eta ikastetxeko irakasle bat aldizka arduratzen da haiek Markelen familiari helarazteaz. Tapoi horien bidez, Markelen bizi-kalitatea hobetzeko dirua lortzen da. Haren beharrei so eta ahal dugun guztian laguntzen jarraitzen dugu.

Ezagutu ezazu Markel bideo honetan.

Ikusi bideoa

“Juneren Hegoak”

Ikastetxeko beste langile baten bidez, Mikelen bidez, Juneren eta bere familiaren historia ezagutu genuen. 2014an, gure ikastetxea, Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Proiektuaren barruan (Gizartearekiko Konpromisoa), Juneren Hegoak elkartearekin lankidetzan hasi zen. Elkarteak Errenterian du egoitza.

Juneren Hegoak elkartearen helburua da zaurgarritasun-egoeran dauden Gipuzkoako familiei laguntzeko sare bat sortzea. Zehazki, haurren gaixotasunen, heriotzaren edo doluaren esperientzia bizitzen ari diren familiei zuzenduta dago. Elkarteak esperientzia horiei aurre egiten laguntzen die familiei.

Juneren Hegoak elkatearentzat egin genuen lehen ekarpena gure ikastetxean jadanik erabiltzen ez genituen 3 iMac ordenagailu ematea izan zen. Elkartearen Errenteriako lokalera doazen haur guzientzat eskuragarri egongo dira ordenagailu horiek. Haren beharrei so eta ahal dugun guztian laguntzen jarraitzen dugu.

www.junerenhegoak.org

Elikagaien Bankua

Gipuzkoako Elikagaien Bankua boluntarioen elkarte bat da. Kide guziek doan laguntzen dute elkarteak ezartzen dituen zeregin guztietan, elikagaiak banatzeaz arduratzen diren ongintzako elkarteei horiek egunero entregatu ahal izateko.

Krisi ekonomikoak gure inguruneko pertsona asko astindu ditu eta, horregatik, Elikagaien Bankuaren eginkizuna inoiz baino beharrezkoagoa bihurtu da.

Abenduan, elkarteak elikagaien bilketa handi bat antolatzen du herrialde osoan. DBHko 4. kurtsoko eta Batxilergoko 1. kurtsoko gure ikasleek aukera dute jarduera horretan boluntario gisa laguntzeko hiriko zenbait supermerkatutan.

Egun horretan biziki lan egiten da; baina, lan hori konpentsatzen da biltzen diren produktu ugariekin eta jendeak boluntarioekiko erakusten duten esker onarekin.

Oso esperientzia positiboa eta gogobetegarria da parte hartzen duten ikasleentzat. Jarduera horren bidez, boluntario izatea zer den bizitzen dute: ekintza eskuzabala eta arduratsua.