Behin betiko kokaleku bat ikastetxearentzat.
Proiektuak biziraun ahal izateko, beharrezkoa zen bai jarduneko kooperatibistek, bai kooperatibista potentzialek ilusio bat baino zerbait gehiago ikustea. Izan ere, batetik, etxearen irudia eta, bestetik, gauzak garatzen ari zireneko behin-behinekotasuna ez ziren batera adoregarriak. Emaitzak aurkeztu behar ziren, eta etengabe erakutsi behar zen San Patriciok aurrera egiten zuela.
Ezinbesteko lehen arazoa lurrak erostea zen, horietan ikastetxeak behin betiko kokalekua izan zezan. Lur asko ikusi eta horien aukerak aztertu ziren. Azkenean hautatutakoak hedadura handia hartzen zuen autobidetik Errondo-Aieteko errepidearen inguruetaraino igotzen ziren mendi-hegaletan.
1976ko abuztuaren erdialdean, Villa María Teresan guraso batzuek trenkadak botatzen zituzten bitartean, beste batzuk Colegio San Patricio kooperatibaren izenean eta haren ordezkari gisa lurren salerosketa-kontratuak sinatzeko esertzen ziren.
Juan Dorronsoro Peñagaricano arkitektoaren ardura izan zen eraikina diseinatzea, proiektu orokorra lantzea eta, ondoren, obra zuzentzea. Ikastetxe bat eraikitzeko proiektu bat proposatu zitzaion. Ikastetxeak behar besteko edukiera izan behar zuen bi lerro edo mailakako talde hartzeko, Eskolaurretik UBIra arteko etapa guztiak eman ahal izateko, Hezkuntzako Ordezkaritzak ezarritako eskakizun guztiak beteta.
Izapideak, bestelako egitekoak eta kezkak.
76/77 ikasturtea amaitzear zela, zuzendariak Zuzendaritza Batzordeari azaldu zizkion Hezkuntzako Ordezkaritzaren eskakizunak ikastetxean OHO irakasteko baimena emateko: 56 metro karratuko zortzi ikasgela behar ziren.
Eskola eman ahal izateko, eta oraingoan bidezko baimenekin, berriz ere lekuz aldatu beharra zegoen. Zuzendaritza Batzordeak erabakia hartu zuen eta Obren Batzordea horretan lanean hasi zen.
Zenbait hautabide aztertu ondoren, azkenean, erabaki hau hartu zen: Sagrado Corazón ikastetxera lekualdatzea, Mirakontxan.
Alde batera utzi ezinezko beste lan arlo bat zen familia kooperatibista gehiago erakartzea. Hain zuzen, horretan ahalegintzen zen Propaganda Batzordea, Donostiako hainbat zonetan kartelak ipinita, arian-arian Lasarte edo Zarautzera zabaltzeko.
Baina, zalantzarik gabe, ekintza deigarriena izan zen hogeita hamar minutuko publizitate-film bat egitea. Filma Astoria, Principal, Savoy eta Victoria Eugenia zinemetan eman zuten, 1977ko martxoan, apirilean, maiatzean eta ekainean, hurrenez hurren.
Egiten zen guztiak etengabe dirua ordaintzea eskatzen zuen, eta une horretan ez zegoen diru-laguntzarik gastuei aurre egiten laguntzeko. Zuzendaritza Batzordeari zegokion ikastetxe erakargarri baina, aldi berean, ekonomikoki aurre egiteko moduko bat eskaintzeko ardura. Etxearen egokitze-lanak, mantentze-gastuak eta, batez ere, langile-gastuak kuoten bidez ordaindu behar ziren, eta, kuotak bat-batean asko igoz gero, ikastetxea bertan behera geratuko zen.
Beharrezkoa zen denbora irabaztea, estutasunezko lehen urte horiek gainditzea, denak ikusten hasi ahal izateko gauza martxan zegoela.
Kooperatibaren euskarri ekonomikoa.
Diru-laguntzak eta bestelako laguntzak jasotzen hasten ez baziren, diru-sarreren iturri bakarra euren ekarpenak izango ziren.
Lehen hilabeteetan, beharrezkoa zen neurrian, guraso bakoitzak ekarpen txikiak egiten zituen, Kooperatiba abiarazi eta eratzearen ondorioz sortutako gastuei aurre egin ahal izateko beharrezkoak. Baina, lehen ikasturtea hasi zenean, ikastetxearen gastu orokorrei erantzuteko, ikasle guztiek ordaindu beharreko kuota batzuk finkatu ziren jadanik, ikastetxearen erabiltzaile gisa.
Gainera, kooperatiba den heinean, hileroko ordainagirian bazkide-kuota bat jaso behar zen. Hasiera batean ez zen uste kuota hori berreskuratuko zenik; baina, aurrerago, bazkide bakoitzaren partaidetza gisa hartu zen, urte batzuk geroago berreskuragarria familia bakoitzaren azken seme-alabak ikastetxea uzten zuenean.
1977ko irailean, bazkide berrien sarrera erregularizatu zen. Hala, hasierako ekarpena edo kooperatiban sartzeko kuota hirurogei mila pezetatan finkatu zen.
Arazo nagusia: eraikin berriaren finantzaketa.
1978ko urtarrilaren 27an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuta agertu zen San Patricio ikastetxearen gizarte-intereseko deklarazioa. Hortaz, Aieteko eraikina egiteko obrei ekin ahal izango zitzaien. Zuzendaritza Batzordeak José Manuel Ureizti izendatu zuen aparejadore ikastetxearen etorkizuneko eraikuntzarako, kooperatibaren interesen ordezkari gisa.
Baina, egiteko gauzarik garrantzitsuena zubi-kreditu bat eskatzea zen; horren bidez, eraikuntzaren eta Banco de Crédito a la Construcción-en kredituaren arteko desfasea estaltzeko. Hainbat banku-erakunderen proposamenak kontsultatu eta aztertu ondoren, erabaki zen kreditua Provincial de Guipúzcoa eta Municipal de San Sebastián aurrezki-kutxei eskatzea.
Kreditu hori lortzeak, berriz ere, kooperatibistak proban jartzea zekarren. Izan ere, kreditua emateko, aurrezki-kutxek eskatzen zuten gurasoek mugarik gabeko berme-emaile gisa sinatzea. Ia familia guztiek sinatu zuten, konpromiso hori eskuzabaltasun goresgarriaz bere gain hartuta. Horrek agerian utzi zuen, are gehiago, kolektibo horrek bere ikastetxearekin zuen inplikazio-maila. Eta, gauzak nola diren, maileguaren dokumentua, berori sinatu zuten berrehun eta hamar abal-emaileen izenak zortzi orrialdetan jasotzen dituena, 1979ko martxoaren 17ko datakoa da, San Patrizio egunekoa, hain zuzen.
Lehen diru-laguntzak.
Ikastetxeak irakaskuntzarako baimena lortu ondoren, Zuzendaritza Batzordeko kide batzuk zuzendariarekin batera Madrilera joan ziren; ikastetxeak eta, bereziki, gurasoak jasaten ari ziren karga ekonomikoak arindu ahal izateko diru-laguntzak lortzen hasteko helburuarekin.
Arian-arian, kudeaketa horiek fruitua eman zuten eta lehen laguntzak jaso ziren ikasgelak eraikitzeko eta materiala lortzeko. Azkenik, 79/80 ikasturtean, jadanik OHOrako diru-laguntza eskuratu zen.
Hala ere, lortzeko asko geratzen zen oraindik. Izan ere, eraikin berria egiteko obraren kostua pixkanaka-pixkanaka igotzen zihoan. Eraikina egiteko hasiera batean kontuan hartutako zifrak hirurogei milioi ingurukoak ziren. Alabaina, hobekuntzak eta gauza berriak gehitzen joan ziren; azkenean, berrehun milioi pezeta baino zertxobait gehiagori aurre egin behar izateraino.