Proiektu bat
Hamabi edo hamalau bat gurasok osatuta taldea San Sebastián hotelean biltzen hasi zen. Horrela sortzen joan zen ikastetxea, ideia argi bakar honekin: ikastetxe berria sortzea, English Schoolen gauza on guztiak bilduko zituena, baina mugarik gabe.
Gutunen, telefono-deien eta kontaktu pertsonalen bidez deitutako bileretan, askorentzat burugabea zen ideia azaltzen zen. Arian-arian, gero eta interesdun gehiagok bat egin zuten eta, taldea berrogei bat familiak osatu zutenean, saiatzeko prest zeudela erabaki zuten.
Hezkuntzako ordezkariarekin harremanetan jartzea lortu zuten. Hark beharrezko argibideak eman zizkien izapideei ekiteko. Gainera, Colegio Alemáneko guraso elkartearen lankidetza eta esperientzia jaso zituzten.
Gauza asko egiten hasi beharra zegoen, ikastetxe bat sortzeak hori eskatzen baitu. Han agertu zen Elena González Menéndez. Hark ekarpen erabakigarria egin zion ikastetxeari hasierako urte haietan.
Elenak jakin izan zuen gurasoak orientatzen, adoretzen eta haien borondateak batzen. Kolektiboari ikusarazi zion ikastetxearen balioa eta, ondorioz, negoziazio guztien arrakastaren gakoa haien baitan eta beren proiektu eskuzabalaren indarrean zegoela.
Eta, proiektu horri izena jarri behar zitzaion. Azkenean, San Patricio aukeratu zuten, Irlandako patroia, eta izen horren pean bereganatu zituzten Irlandaren nortasuna, patroiaren eguna, bertako jaiak eta ikastetxearen bereizgarri diren kolore berdea eta horia.
Kooperatiba bat sortzea
Gurasoen kooperatiba bat eratzearen arrazoiak batik bat praktikoak ziren. Kooperatiba gisa aurkezteak berekin zekarren gurasoen kolektibo moduan aurkeztea, helburu bakar honekin: euren seme-alabentzat nahi zuten prestakuntza eskainiko zuen proiektua gauzatzea, inolako irabazi-asmorik gabe.
76ko udan, lehen zuzendaritza-batzorde bat eratu behar izan zuten, eta aurrerantzean sekulako lana egiteko zeukala ikusi zuen batzorde horrek. Paco González Rocha presidentea zer eta bost urtez egongo zen kargu horretan, ikastetxeak nolabaiteko egonkortasuna lortzeko beharrezko denbora. Lehen zuzendaritza-batzorde horiek jarduera bereziki bizia izan zuten: lurrak erosi, eraikina egin, obra finantzatu… Baina, aldi berean, abian jarri beharra zegoen, eskolak nonbait ematen hasi beharra zegoen, hazi beharra zegoen…
Lehen ikasturtearen prestatze-lanak.
Denak prest egon behar zuen 76/77 ikasturteari ekiteko. Zereginen banaketan, gurasoei egokitu zitzaien hainbat moja-ikastetxe bisitatzea bertan ikasgelak alokatzeko, baita gotzainarengana jotzea ere, ikasturteari ekiteko lokalen bat lortzen saiatzeko.
Azkenean, maizterrak aurki uztekoak ziren etxe bat topatu zuten. Jabeek begi onez ikusi zuten tratua eta etxea alokairuan eman zuten, barrualdean beharrezkotzat jotzen ziren obra guztiak egiteko baimenarekin. Villa María Teresa izena zuen etxeak. Ategorrietan zegoen, San Ignacio klinikaren pare-parean.
Eskolei ekin ahal izateko ezinbesteko konponketak egin behar izan zituzten, behin-behineko besterik ez bazen ere. Baina, ikasgelak gaitzea zen arazoa, etxeak gela gutxi-asko zabalak besterik ez baitzituen. Gurasoen talde batek lanari ekin zion, arotzarena, argiketariarena, igeltseroarena, pintorearena… eginez. Gastuak murriztu behar ziren, eta gremioak kontratatzea aurre egin ezinezko luxua zen.
Pertsona horiek guztiek, guraso eta irakasleek, zeregin horretan emandako ahaleginagatik eta ilusioagatik esker onik zintzoena merezi dute gure kolektiboarengandik. Izan ere, zein ikastetxetan lan egin edo ikasten duen ikusten duenean, nekez imajina dezake zer-nolako urritasuna bizi izan zen jatorrietan.
Irakaskuntza-jardueraren hasiera San Patricion.
Etengabeko prestatze-lanetan emandako uda horren ondoren, oraindik bazen zalantza ahalegin handi horrek fruitua emango ote zuen; zeren eta ikasturtearen bideragarritasuna irailean lor zitekeen matrikularen mende baitzegoen. Zorionez, proiektuak oso harrera ona izan zuen. Hala, abuztuan ikasle kopuru onargarria bildu ahal izan zen. 305ek egin zuten lehen ikasturte hori San Patricion.
Presaren presaz jardun behar izan arren, zerbitzuak ez ziren alde batera utzi. Izan ere, eskola-autobusak eta jangelak hasiera-hasieratik funtzionatu zuten normaltasun osoz.
Ikasturte zaila izan zen. Baina, bitartekoen urritasuna soberan konpentsatu zen ilusioarekin eta eskuzabaltasunarekin. Ilusioa erantsi egiten zen eta, horrela, hurrengo ikasturterako matrikula ehuneko hogeita hamarretik gora areagotu zen.