Hezkuntza-eskaintza Donostian.
Hirurogeiko hamarkadako amaiera aldean eta hirurogeita hamarreko hamarkadako hasiera aldean, Donostiako ia ikastetxe pribatu guztiak erlijio-kongregazioenak ziren. Tradizioz, nesken edo mutilen ikastetxeak ziren, eta hizkuntza modernotzat frantsesa irakasten zuten.
Bestalde, ikastolen mugimendu bereizlea sortzen hasia zen.
Egoera horren aurrean, ondoren San Patricio sortu zuten gurasoek eskolaratu zituzten euren seme-alabak English School ikastetxean. Guztiz sinetsita zeuden ingelesa zela interes handieneko hizkuntza euren seme-alaben etorkizun pertsonal eta profesionalerako.
English School
1966an, José Luis Pérezek eta Ignacio Villanuevak sozietate gisa eratu zuten English School. Villa Carmen-en zegoen, Jai Alaiko tunelaren ondoan, eta arrakasta eta onarpena izaten jarraitu zuen, espazio zabalagoa behar izateraino.
Horregatik, 1972an, instalazioak zabaldu zituen Villa Asun gehituta. Bertan instalatuta geratu ziren txikienak. Hizkuntza-tratamenduak, laikoa izateak, mistoa izateak, instalazio propioak edukitzeak… bultzatuta, familia ugarik bertan aurkitu zuten leku aproposa beren seme-alabak hezteko. Hala ere, arazo larri bat zeukan: Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko –OHO– kurtsoak soilik emateko zegoen pentsatuta; hau da, hamalau urtera arte.
BBBko eta UBIko etapak abian jartzeko eta bidezko baimenak lortzeko, ikastetxeak dimentsio jakin batzuetako ikasgelak, laborategia, gutxieneko neurri batzuetako kanpoko espazioak, kirol-zelaiak… eduki behar zituen. English Schoolek ez zituen betetzen eskakizun horietako asko, eta Villanueva jauna ez zen prest agertu zeregin horri aurre egiteko, ez baitzen errentagarria.
Gurasoen konpromisoa gorabehera, proiektuak ez zuen aurrera egin, eta horrek bereziki kezkarazi zituen OHOren amaierara hurbiltzen ari ziren seme-alabak zituzten familiak, xumeki aukera bat aztertzen hasteraino… Eta, guk geuk antolatzen badugu gure seme-alabentzat nahi dugun eskola?