St. Patrick's-en nortasun-ezaugarrietako bat da hirueletasunaren aldeko gure apustu argia, bereziki ingelesa nabarmenduta.
Adin txikienetatik, Haur Hezkuntzako ikasleek ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz ikasten dituzte edukiak eta konpetentziak, aldi berean eta batera. Ingelesezko hizkuntza-murgiltzeak (egunaren gutxienez erdia ingelesa ikasten ematen da) berekin dakar hiru hizkuntzak eta irakasle talde osoa koordinatzea ezarritako helburuak gauzatzeko.
Lehen Hezkuntzako lehen bi urteetan, ingelesari zuzendutako eskola-orduak egunaren % 50 dira oraindik. Lehen urteetan ingelesa ikasteko bultzada handi horren ondoren, ingelesaren ikaskuntzak ikasleen asteko jardunaldiaren herena hartzen du DBH 3 arte. Ezinbesteko tresna da balioetan lan egiteko Lehen Hezkuntzako 6. kurtsotik –Balio Sozial eta Zibikoak– DBHko 4. kurtsora arte. Kurtso horretan Etika irakasgaia ingelesez ematen da. Hizkuntzaren eta edukiaren tratamendu integralaren beste erakusgarri bat dira Natura Zientziak irakasgaia (ingelesez ematen da astean hiru orduz DBHko 3. kurtsora arte) eta Kultura Zientifikoa (Batxilergoko 1. kurtsoan). Era berean, Informatika eta Teknologia ingelesez ematen dira etapa guztietan. Arte Plastikoak, berriz, Lehen Hezkuntzan irakasten da ingelesez.
LHko hirugarren kurtsotik LHko 6. kurtsora arte, astean sei orduz irakasten da Ingelesa. Denbora hori hizkuntzaren ikaskuntza formalera zuzentzen da interesguneak erabilita. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, berriz, kurtso bakoitzean hiru talde sortzen dira. Horren helburua da arreta indibidualizatuagoa ematea eta ikasleen hizkuntza-gaitasunaren araberako aurrerabidea egitea.
Lehen Hezkuntzan, eskola-jarduna zabaltzeari esker, euskararen presentzia areagotzen da irakasgai gisa. Aurrerantzean, presentzia hori sendotu egingo da Gorputz Hezkuntza euskaraz emanda, hirueletasunaren aldeko apustu nabarian. Ikasleak Musika eta Arte Hezkuntza euskaraz ikasten ditu, eta familiak aukera izango du bere seme-alabak Gizarte Zientziak gaztelaniaz nahiz euskaraz ikas dezan, Lehen Hezkuntzako 3. kurtsotik aurrera. LHko 5. kurtsotik aurrera, hiru euskara-talde sortzen dira mailaren arabera, ikasleen hizkuntza-aniztasunari hobeto erantzuteko. Lehen Hezkuntzan, curriculumaren % 26 euskaraz da, eta % 34koa Bigarren Hezkuntzan.